2024
Ekialdeko Barrutiak egoitza berria du Altzako Harrobieta plazan. Gaurtik aurrera Ekialdeko Barrutiaren batzarrak eta bertako lan-taldeak egoitza honetan egingo dituzte bilera guztiak. Gainera, egoitzak Udalinfo Hiritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoa du. Helburua da, Ekialdeko Barrutian bizi diren donostiarrei arreta zerbitzu zuzena ematea. Udalinforen bulegoaren ordutegia astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara da eta, bertan, ere autotramitazio makina bat eta konposta egiteko poltsak hartzeko makina ere dago.
Hirian ibiltzen diren bisita turistikoetan muga ezartzea onartu dugu. Ondorioz, apirilaren 10etik aurrera talde turistiko antolatuak ezingo dira 25 pertsona baino gehiagokoak izan. Horretarako, jarduera gidatu turistikoa Gune Publikoaren Ordenantzan sartzea sustatu dugu. Neurria tokiko gida-enpresekin, talde politikoekin eta Udaleko hainbat sailarekin landu da.
Bretxako Arraindegia eraikinean Parte Zaharreko osasun zentroa eta kirol instalazioa ireki berri ditugu. Berri ezinhobea Parte Zaharrarentzat. Osasun zentroak auzoan eta erdialdean bizi diren 16.000 donostiarri emango die zerbitzu, Esterlines kalean zegoen osasun zentro zaharran baino baldintza hobean. Bere ondoan, eraikinaren beste aldean, bigarren solairuan, kirol pista berria dago, eta hirugarrenean, erabilera anitzeko gela bat. Horiek guztiak Orixe Ikastolak erabiliko ditu, eta era berean, auzoak dituen beste hainbat beharri ere erantzungo die.
Dbusen kotxetegiak guztiz elektrifikatzeko lanak hasi dira. Horri esker, kotxetegietan autobusak aparkatzeko dauden 119 plazetan kargatzeko 22 puntu eta 60 pantografo jarri ahal izango dira. Horri esker, lehenengo fase batean, egun dauden 9 autobusei beste 29 gehituko zaizkio aurten. Guztira 23,4 milioi euroko inbertsioa egingo da – horietatik 10 milioi Next Generation funtsetatik etorriko dira -. Gure helburua da 2030erako Dbusen flota guztia elektrikoa izatea.